GARA auziarekin kezkatuta

Kazetaritzak garai nahasiak bizi dituen honetan, ez dira gutxi sektoreak dituen arazoak eta erronkak, teknologikoak zein humanoak.

Kazetariok «fake news» bezala ezagutzen diren horiekin kezkatuta egon beharko genuke, betidanik existitu baitira albiste faltsuak baina inoiz ez bezala hedatzen baitira egun. Komunikabideek sufritzen duten zilegitasun eta sinesgarritasun krisiak loa kendu beharko liguke. Aukera izan beharko genuke hedabideei prestigioa ematearren behar adina denbora eta indar eskaintzeko; aukera azaltzeko, zorionez, kazetariok modu oso ezberdinetan pentsatzen dugula, baina profesional bakoitzak osatzen duen albiste bakoitzaren atzean beti ikuspegi anitzak izango dituen errealitate poliedriko bat irudikatzeko ahalegin zintzoa dagoela. Badakigu salbuespenak egon badaudela, eta horiek ere beste kezka iturri bat dira.

Kazetariok zinez kezkatuta egon beharko genuke 2018. urtean mundu osoan barrena beren lana egiten zuten bitartean bizia galdu duten 94 lankideengatik. Batez ere kontuan izanda kazetarion aurkako erasoak gizarte zibilaren kontra gauzatzen diren eskubide urraketa larri eta hedatuen erakusle izan ohi direla.

Asaldatu beharko gintuzkete, halaber, azken krisi ekonomikoan, Estatu espainolean bakarrik, sektorean galdu diren 10.000tik gora lanpostuek. Egiturazko prekarietateak arduratu beharko gintuzke, askotan ezinezkoa egiten baitu lanbidea epe luzerako bizi proiektu batekin uztartzea.

Gai hauek eta askoz gehiagok kezkatu beharko gintuzkete, eta kezkatzen gaituzte. Ofizio hau maite dugu eta berekin dakartzan erronka guztiak gure egiten ditugu. Gure erronkak dira, beraien bidez berresten dugu bizi garen gizarte honekin daukagun konpromisoa.

2019 betean kezkarako arrazoi izan beharko ez lukeena honakoa da: bi hamarkadaz luzatutako jazarpen judizialaren ondorioz egunkari bat ixteko arriskuan egotea. “Egin” ilegalki itxi zuten 1998an, gerora Auzitegi Gorenak onartu zuen bezala. Orain Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra GARAri egoztea burugabekeria dela uste dugu, eta komunikabide hau eta bere langileak modu bidegabean zigortzen dituela.

Horregatik GARAko gure lankideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Aurretik aipatutako oztopoei besterik gehitu gabe kazetaritza egiteko duten eskubidea defendatu nahi dugu. Prentsa askatasuna eta pluraltasuna babestu nahi ditugu. Kazetariok nahikoa arazo eta etorkizuneko erronka badaukagu iraganeko mamuekin kezkatuta egoteko.

Sinatzaileak

  • John Carlin
  • Eider Hurtado
  • Carmen Lira
  • Xabier Lapitz
  • Ferran Casas
  • Vicent Partal
  • Vicent Sanchís
  • Javier Gallego
  • Nerea Azurmendi
  • Maite Artola
  • Edu Barinaga
  • Monica Terribas
  • David Fernàndez
  • Roger Palà
  • Karlos Zurutuza
  • Antton Rouget
  • Martxelo Otamendi
  • Joseba Santamaria
  • Ana Pardo de Vera
  • Ane Irazabal
  • Luis Aizpeolea
  • Odile Kruzeta
  • Javier Salutregi
  • Mirentxu Purroy
  • Mariano Ferrer
  • Dani Alvarez
  • Jorge Nagore
  • Antoni Bassas
  • Neus Tomàs
  • Alberto Moyano
  • Jordi Basté
  • Grup de Periodistes Ramon Barnils